2022ko zientzia-albiste nabarmenenak | Elhuyar Skip to main content
Zientzia albiste zerrenda 2022

2022ko zientzia-albiste nabarmenenak

2022 | Abenduak 26
  • Elhuyarrek urtean zehar zientzia- eta teknologia-arloan landutako albiste esanguratsuenen zerrenda osatu du.
  • Zerrenda 10 albistek osatzen dute, nazioartekoak zein gertukoak.

2022a urte oparoa izan da zientzia-arloan, eta albiste ugari jasotzeko eta lantzeko aukera eman du. Elhuyarren zientzia-arloan biltzen diren hedabideek albiste hauek zabaldu dituzte urtean zehar, eta orain esanguratsuenen zerrenda egin dute, nazioarteko zein gertuko ikuspegiarekin.

Hemen duzue 10 albiste nabarmenekin osatutako zerrenda:

  1. Unibertsoaren argazkirik sakonenak. James Webb teleskopioaren lehen irudien eta datuen aurkezpena: unibertsoari inoiz ateratako argazkirik sakonenak eta exoplaneta baten espektroskopia-datu zehatzenak. 
    Elhuyar aldizkaria: albistea + irudiak eta datuak
     
  2. Adimen artifizialaren aurrerapenak. Adimen artifizialak aurrerapen nabarmenak ekarri ditu arlo askotan. Euskaraz, Oraik hainbat produktu garatu ditu euskaren zerbitzurako. Gainera, itzulpen automatikoan genero-alborapena zuzentzeko teknika berritzaile bat sortu du. 
    Norteko Ferrokarrilla irratsaioa: adimen artifizialaren inguruko aurrerapenak 
    Teknopolis telebista-saioa: Oraik garatutako produktuak
    Elhuyar aldizkaria: itzulpen automatikoaren genero-alborapena
     
  3. Desazkundea. Gero eta zientzialari gehiagok jotzen dute desazkundea egungo krisiaren irtenbidetzat. Aurten, indar nabarmenez gizarteratu da gaia.
    Elhuyar aldizkaria: albistea
     
  4. Irulegiko eskua. Irulegiko aztarnategian aurkikuntza arkeologiko txundigarria egin dute: duela 2.100 urteko brontzezko esku bat topatu dute baskoien herri batean. Bertan dago idatzita ezagutzen den baskoien hizkuntzako testurik zaharrena.
    Ekosfera irratsaioa: albistea
     
  5. COVID-19 iraunkorra. Inork espero ez zituen ondorioak ekarri ditu COVID-19aren pandemiak; tartean, gaixotasun berri bat: long COVID edo COVID iraunkorra deiturikoa. 
    Elhuyar aldizkaria: albistea
    Teknopolis telebista-saioa: albistea
     
  6. Izurri beltza eta laktosarekiko tolerantzia. Izurri beltzak gure immunitate-sistema eraldatu zuen, eta izurriaren garaian gaitzaren aurrean babesa eman zuten geneek, gerora, gaitz autoimmuneekiko zaurgarriago egin dituzte gizakiak. Eta izurriek ez ezik goseteek ere bultzatu zuten laktosarekiko tolerantzia Europan. 
    Elhuyar aldizkaria: izurri beltza + laktosarekiko tolerantzia
     
  7. Begi hutsez ikusten den bakterioa. Karibeko mangladietan inoiz ezagutu den bakteriorik handiena identifikatu dute. Zentimetro bat luze da; alegia, begi hutsez ikusten da. Ezagutzen ziren beste bakterio erraldoiak baino 50 aldiz handiagoa da, eta, nolabait, kolokan jarri ditu bakterioen funtsezko ezaugarritzat jotzen ziren zenbait alderdi. 
    Elhuyar aldizkaria: albistea
     
  8. 2 milioi urteko genoma isolatzea lortu dute. Orain arteko DNArik zaharrenak milioi bat urte zituen. Siberiako mamut baten hezur batetik erauzi zuten. Orain, duela bi milioi urtera jauzi egitea lortu dute, Groenlandiako sedimentuetatik erauzitako DNArekin. 
    Elhuyar aldizkaria: albistea 
     
  9. Azken neandertalak Aranbaltzan. Aranbaltzako aztarnategian, aire librean Kantauri isurialdean dagoen garrantzitsuenean, neandertalen desagerpena argitzeko gakoak aurkitu dituzte. 
    Teknopolis telebista-saioa: albistea
    Elhuyar aldizkaria: albistea 
     
  10. Asteroide bat beraren orbitatik desbideratzea lortu du DART misioak. DART zundaren talkaren ondorengoko bi asteetan lortutako datuen azterketaren arabera, misioak bere helburua bete du; hau da, Dimorphos asteroidearen orbita aldatu egin da, talkaren eraginez. Hala, NASAk frogatutzat eman du gizateriak baduela asteroide bat nahita desbideratzeko teknologia, eta, beraz, seguruago gaudela asteroide arriskutsuen aurrean.
    Elhuyar aldizkaria: albistea